2014/07/05

Uztailaren 12an Euskal Eskola Nazionala aldarrikatuko dugu Sopelan!


Orain dela hilabete batzuk Espainiako gobernuak LOMCE legearen proposamena eta onarpena gauzatu zuen, Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren nahia ukatuz. Gerora, Eusko Jaurlaritzak LOMCE legeari aurre egiteko “Heziberri” plana martxan jarriko zuela iragarri zuen, baina hezkuntza komunitatearekin batera egitea ukatu eta azkenean LOMCEri aurre egiteko plan bat ez zela onartu zuen.

Urriaren 12an Bilbon “Euskal Herrian gure hezkuntza! LOMCEri EZ” lemapean burututako manifestazio jendetsuak gure herrian inoiz lortutako hezkuntza komunitatean batasuna ekarri zuen. Geroztik, hainbat izan dira bide honetan egindako ekimen eta mobilizazioak: LOMCEren aurkako egunak, LOMCE ez aplikatu eta gure hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko gida, hitzaldi eta mahai inguruak, instituzioetan mozioak…

Eskualdeko hezkuntza eragileok udan zehar herriz herri gure hezkuntza sistema propioaren aldeko dinamikak garatu eta martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen aspaldi. Datozen bi ikasturteetan LOMCE edota EU2015 hezkuntza erreformen aplikazioari ezekoa eman eta gure herrirako hezkuntza eredu propioa aldarrikatu eta eraikitzen hastea ezinbestekoa izango dugula ulertzen dugu.

Bide horretan, euskal ikasleok indarrak batu eta Uribe Kostan ere kolektibo gisa jarduteko aukera izango dugu uztailaren 12an 18:00etan Sopelako udal plazatik aterako den manifestazioan. Bertan, urte luzez aldarrikatuko dugun Euskal Eskola Nazionalaren beharra berriro ere kaleratu eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko hautua hartzeko gonbitea luzatuko diogu ikasle orori.

2014/03/21

Eskutitza eman diogu Uribe Kostako ikasleok PPri.

Hona hemen Uribe Kostako Ukberri.net agerkari digital euskaldunak argitaratutako albistea:

"Uribe Kostako Ikasle Eztandaren ordezkaritza bat PPk Areetako Zugatzarte Etorbidean duen egoitzan hurbildu zen atzo, martxoak 19, bertoko arduradunei eskutiz bat emateko asmoz. Ikasleen ordezkariek zehaztu dutenez, Espainiako Gobernuari bi eskaera zuzen egiten zitzaizkion idatzian: batetik, LOMCE legearen aplikazioa bertan behera utz dezala, "lege honekiko euskal jendartaren gehiengoaren aurkakotasuna nabaria" delakoan. Eta bestetik, "Euskal Herrian gure hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko prozesu parte hartzaile bat martxan jartzeko tresnak jarri, edota herri mugimenduak sortzen dituenak errespetatzeko eskaera" luzatu zitzaion. Momentuz, Getxoko PPko idazkari nagusiak eskutitza jaso duela esan eta irakurri ostean erantzungo duela ezagutzera eman dute tokiko popularrek, Uribe Kostako Ikasle Eztandak azaldu duenez. Argazkian, bi ikasleak Getxoko PPren egoitzan / © Uribe Kostako Ikasle Eztanda."


Hezkuntza herritik herriarentzat!

Martxoaren 17an Uribe Kostako hainbat heziguneetan deitu genuen geldialdiak ikasleriaren gehiengoaren babesa jaso zuen. Dozenaka izan ziren eguerdi aldera Algortatik zehar burutu genuen manifestaziora eskualdeko hezigune ezberdinetatik gerturatu ziren ikasleak.
Martxoaren 27rako motorrak berotzen gabiltza, eta irabaztera goaz!


2014/03/09

MARTXOAREN 17an, URIBE KOSTAKO IKASLE PAROA!

Bizkaiko Ikasle Eztanda dinamikaren baitan ikasle paroa deitu dugu Uribe Kostako ikasleok martxoaren 17an.
Bizkaiko Ikasle Eztandaren aurkezpena Uribe Kostan

Hilaren 27an burutuko dugun ikasle grebari indarra eman, eskualdeko ikasleok heziguneetan pairatzen ditugun inposaketa arrotzei aurre egin eta herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko paroa burutuko dugu Uribe Kostako ikasleok martxoaren 17an.

Eskualdeko hainbat heziguneetan izango da deialdia, eta ikasle guztiei eurenean paroa eskatzeko deia luzatzen diegu.

12:00etan hasiko da paroa eta eskualdeko herri ezberdinetatik Algortako Telletxe plazararte zutabeak antolatuko dira.

Bukatzeko, 13:00etan "Hezkuntza herritik herriarentzat!" lemapean manifestazioa burutuko da Telletxetik abiatuta.